parallax background

Mauro Saravia: “Agirre lehendakaria Estatu-Politikaria zen”

2016(e)ko ekainak 30
Jose Antonio Agirreren egunerokoak
Jose Antonio Agirrek egunerokoan idatzi zuen bidaia gogoratzen ari gara twitterren
1 ekaina, 2016
mauro-y-lehendakari
Gure izaeraren ispilu erakusketa
30 ekaina, 2016

Elkarrizketa: Mauro Saravia

Jose Antonio Agirre lehenengo lehendakaria hautatu zeneko 80. urteurrena gogora ekartzeko ekitaldien barruan, iragana eta oraina uztartu dituen “Gure izaeraren ispilu” izeneko erakusketa antolatu zen Bilboko Ercilla kalean ekainaren 14 eta 19 bitartean. Autorea, Mauro Saravia argazkilari txiletarra izan zen, katalan eta euskaldun erbesteratuen birbiloba.

Erakusketa, Gerra Zibila eta gaur egungo gizartea uztartzen dituen Bilbo eta inguruko 14 argazkik osatzen dute (1,5x1m). Elkarrizketa honetan Mauro Saravia autoreak berak, erakusketaren helburua eta Euskadiren historiaren inguruko lan bat egiteko izan dituen arrazoi pertsonalak azalduko dizkigu.

A1L: ¿Nondik datorkizu euskaldunon memoria historikoan sakontzeko grina?

Mauro Saravia: Familiaren jatorrian errotzen da eta ikertu ahala jakin-mina gero eta handiagoa da. Erbesteraturiko familia baten ondorengoa naiz eta ezinbestekoa ikusten dut nire jatorria zein den ezagutzea nor naizen jakiteko. Gure familian kontatu dizkiguten hainbat historia ulertu ditzaket orain, besteak beste, kanpora alde egin behar izan zuten askok eta askok ez zutelako gertatutakoaz hitz egin nahi.

“Gure izaeraren ispilu” aurretik ere Gerra Zibilean parte hartu zuten euskal gudari eta miliziano argazki erakusketa bat ere egin izan duzu…

Bai, “Azken Batailoia” izena zuen. Atzerabegirako lana izan zen eta, bertan, oraindik bizirik dauden Euzko Gudarosteko Gudari eta Milizianoen argazkiak biltzen ziren Lan hori Bizkaiko Batzar Nagusien eta Intxorta Kultur Elkartearen laguntzat burutu ahal izan nuen. Beraiekin asko ikasi nuen, frontean egon zirenak garai oso zailak bizi izan zituzten eta demokraziaren aldeko borrokan eredugari izan ziren eta dira.

 
 

¿Zer iritzi duzu Jose Antonio Agirre lehen lehendakariaz?

izugarrizko miresmena diodan pertsonaia historikoa da. Batez ere, demokraziaren alde indar politiko ezberdinak batzen egin zuen lanagatik. Nire iritziz, “Estatu-Politikari” izan zen. Anekdota gisa esan, Euskadiko edozein herritan aurkitu dezakegula Jose Antonio Agirre izena daraman kaleren bat. Nire ustez, horrek zera adierazten du, euskal gizartean lehendakaria oraindik ere bizirik dirauela.

Agirre lehendakariak euskal gizartean izan zuen eraginaren berri eman al zizuten familian?

Noski baietz. Nire familiak oro har baina, batez ere, nire aitak. Askotan entzun izan diot bere aitak kontatu zion Agirre lehendakariaren Txilerako bisitaren inguruan. Gizon zintzo eta gertuko politikaria zela esaten dit.

¿Noiz eta zergatik erabaki zenuen Euskadira etortzea?

Nire emaztea euskalduna da eta haurdun gelditu zenean haurra bertan izateko erabakia hartu genuen. Pixkanaka bertan errotzen joan nintzen eta, gaur egun, oso gustura bizi gara hemen. Oraingoz hemen jarraituko dugu.

Erro euskaldunak dituen txiletarra izanik, “Gure izaeraren ispilu” erakusketa burutzerakoan zer ikuspuntuk irabazi du? Kanpotar baten objektibotasunak edota bertakoaren subjektibotasunak?

Biak esango nuke baina subjektibotasunak irabazi duela uste dut. Jakin badakit euskaldun batek duen ikuspuntu bera ez dudala inoiz izango, batez ere, Txilen jaio naizelako eta nire bizipenak beste batzuk izan direlako. Aurre egiten ditudan lan guztietan gertatzen zait, horiek burutzeko egiten ditudan ikerketak eta barne bilaketak ematen didaten informazioaren interpretazio oso pertsonala egiten dudalako.

Hitz egin dezagun erakusketaz. Nondik abiatu zara “Gure izaeraren ispilu” burutzeko? Zer ezaugarri ditu?

Abiapuntua hainbat tokitan, kamara eta objektibo ezberdinekin egindako argazki historikoak dira. Horregatik, lehendabiziko lana, nondik eginak dauden jakiteaz gain, argazkiek jasotzen dituzten gertakariei buruz dagoen informazio guztia ikertzea da. Teknologia eta garaiko kamarak nolakoak ziren ere aztertzen ditut eta, horrek, 1936 eta 1937ko testuingurua ahalik eta ondoen berreraikitzen laguntzen dit. Hortik aurrera, nire interpretazioa ematen diot. Modu horretan, Euskadiko iragana eta oraina argazki bakar batean uztartu ditut.

 
 

Zer presentzia du Jose Antonio Agirre lehendakariak lan horretan?

Lanaren testuingurua eta hari nagusia da lehendabiziko lehendakaria. Argazki batzuetan bera da protagonista, beste batzuetan, bere aztarna somatzen da, lehen Eusko Jaurlaritza jaio eta lan egin zuen gizartea, testuingurua eta izaera.

Balore sendoak aitortu zitzaikion lehendakaria buru zuen gobernua izan zen ordukoa. Orain 80 urte Agirrek sutsu defendatu zituen balore horietatik zein azpimarratuko zenuke?

Identitatearen, humanismoaren, garapenaren, justiziaren edota berrikuntzaren gainetik, 2016. urtean Elkartasuna azpimarratuko nuke. Elkatasuna, Konpromisoa eta Elkarrizketa inoiz baino beharrezkoagoak dira gizarte bakar bat bezala garatu ahal izateko. Elkartasun bila bere herrialdetik alde egin behar izan zuten euskaldunen lehendakari izanik, Jose Antonio Agirrek, emigranteen aldeko gertutasuna erakutsi zuen. Mundu mailan zer gertatzen ari den ikusita bere hitzek indarrean jarraitzen dute oraindik.

 
 

¿Zer argazki lantzea gustatu zaizu eta zeinek eman dizu lan gehien?

Zubi esekiarena eta beste herrialde baterako bidea hartzen duen portuko haurrarena. Erbesteratutako familia baten ondorengoa izanik azken horrekin sakonki bat egin dut. Hala ere, argazki-lan bezala Lehendakaria Carlton Hotelean dagoena da gehien gustatzen zaidana. Izan ditudan zailtasunak orokorrak izan dira argazki guztietan. Lehenik eta behin kokapena behar genuen, gero ikuspuntu beretik argazkia egin eta gero edizio lanean sartu. Amaigabeko orduak izan dira baina oso gustura egin dut lan.