Agirre lehendakaria, "gure izaeraren ispilu" ekimenaren baitan, euskal diaspora omendu da Gasteizko Principal Antzokian. Kepa Junkera musikariak prestaturiko "Euskaditik Mundura" ekitaldian, musika eta dantzaz gain, "Orain 80 urte" dokumentala ikusteko aukera izan da.
Horretan, Rocio Basterra argentinar-euskaldun gaztea da protagonista, eta azken 80 urte hauetan euskal gizarteak zer-nolako bilakaera izan duen aztertu du. Horren berri izateko, euskal gizarteko pertsona nabarmenak elkarrizketatu ditu: Angel Iribar, Kirmen Uribe, Andoni Luis Aduriz, Manu Lezertua eta Paco Etxeberria, besteak beste.
Eitaldian zehar ere, mundu zabalean sakabanaturik dagoen euskal diasporaren ahotsa entzuteko parada izan da. Herrialde ezberdinetako ordezkariek, Jose Antonio Agirre lehendakariak urtero egiten zuen "Gabon" mezua ekarri nahi izan dute gogora.
Principal Antzokian, Eusko Jaurlaritzako kide batzuk bildu dira: Josu Erkoreka, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramailea; Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua; edo Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua.
Lehen Eusko Jaurlaritzaren omenaldian, Arabako erakundeen ordezkariak ere izan dira: Ramiro Gonzalez, Arabako ahaldun nagusia; Pedro Elosegui, Arabako Batzar Nagusietako lehendakaria, eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, besteak beste.
Iñigo Urkullu lehendakariak euskal komunitateak kanpoaldean duen konpromisoa nabarmendu du. Ildo horretatik, ohiturak, kultura eta hizkuntza zabaltzeko lagungarri izan dela adierazi du. Horrek, Euskadiren presentzia munduan indartu duela esan du.
Urkulluk bere konpromisoa agertu du Euskadiren presentzia munduan indartzeko, nazionalitate bikoitzari eutsita eta euskal ohiturak, kultura eta hizkuntza zabaltzen lagunduta.