parallax background

Eusko Jaurlaritzak lehenengo Gobernuaren 80. urteurrena ospatu du

2016(e)ko urriak 10
Getxo erakusketa
Gure izaeraren ispilu erakusketa Getxon izan da
10 urria, 2016
Durangoko Azoka
Agirre Lehendakaria Durangoko Azokaren 51. edizioan
3 abendua, 2016
 

Eusko Jaurlaritzak 80 urte

Gobernu hark akordioaren eta elkarlanaren alde egindako apustua nabarmendu zuen Urkulluk, eta “gaur egun orduan bezain beharrezkoa da Euskadin" esan zuen

Eusko Jaurlaritzak lehenengo Eusko Jaurlaritza eratu zeneko eta Jose Antonio Agirre lehendakari izendatu zeneko 80. urteurrena ospatu zuen. Ekitaldia Gernikako Juntetxean egin zen eta Urkullu lehendakaria izan zuen buru sailburuek lagunduta, bertan Exekutibo haren akordiorako eta elkarlanerako gogoa azpimarratu zuen, "gaur egun orduan bezain beharrezkoa dena Euskadin".

Ospakizunean lehenengo Eusko Jaurlaritzako eta erbesteko Eusko Jaurlaritzako kideen senitartekoak izan ziren; lehen eta bigarren Eusko Kontseilu Nagusiko kideak; lehendakari ohiak; exekutiboetako kide ohiak; Eusko Legebiltzarraren ordezkariak; egungo diputatu nagusiak eta Batzar Nagusien arduradunak; eta hiru hiriburuetako, Gernika-Lumoko, Getxoko (Agirre lehendakaria bertako alkate izan zen) eta Turtziozeko (erbestera joan aurretik Jaurlaritzak bertan egin zuen azken bilera) alkateak. Legebiltzarrean ordezkaritza lortu duten alderdi politikoetako ordezkariak ere izan ziren bertan.

Lehenengo Eusko Jaurlaritza eratu zeneko 80. urteurreneko ospakizunekin amaitu dira Retrato de lo que somos, Gure izaeraren ispilu goiburuarekin urtean zehar efemeride hau ospatzeko antolatu diren ekimenak. Gernikatik New Yorkera Berlinetik pasatuz izenburua jarri zitzaion ekintzak eduki sinboliko sakona izan zuen. Urkullu lehendakaria eta bere karguan aurretik egon diren lehendakari ohiak Gernikako arbolaren aurrean makila eskuan hartuta ikustea izan zen unerik gogoangarrienetako bat. Gaudeamus abesbatzak Mikel Laboaren “Gernika” bertsioa abestu zuen, kroniken arabera, Agirre lehendakariak bere kargua hartzean entzuten ziren tiroak eta frontearen hurbiltasuna oroitzen dituena.

 
 

Funtsezko unea historian

Ekitaldia Agirre lehendakariaren eta bere emazte Mari Zabalaren papera egin zuten bi aktorek bideratu zuten, eta, besteak beste, nabarmendu ziren Kukai dantza-taldearen eta Donostiako Orfeoiaren emanaldiak eta Kirmen Uribe idazlearen eta Xabi San Sebastian musikariaren saioak. Iñigo Urkulluren hitzaldiak eman zion amaiera ekitaldiari, eta bertan lehenengo Eusko Jaurlaritzaren eta Agirre lehendakariaren lana azpimarratu zuen.

Urkulluren esanetan, lehenengo Exekutiboa eratzea "funtsezko unea izan zen historian”, eta gogoratu zuen une huraxe izan zela Euskadiren instituzionalizazioaren hasiera eta “euskal herriaren sugarra" erbestean bizirik mantendu zuena. Bestalde, azpimarratu zituen haren konpromiso soziala, jarrera berritzailea, nazioarteko ikuspegia eta Europa berri bat eraikitzen parte hartzeko borondatea. Lehendakariak gobernu haren aniztasuna eta akordioaren, elkar ulertzearen eta elkarlanaren aldeko apustua ere nabarmendu zituen, eta “gaur egun orduan bezain beharrezkoa da Euskadin” esan zuen.